jueves, 22 de marzo de 2018

NON UNA DI MENO #M8

Urtero legez, Martxoak 8 Emakumeen Nazioarteko Eguna, populazio erdiaren eguna, iristear zegoen. Guztiok dakizuen bezala, egun honetan gizonekiko berdintasun egoera dakarren eguneroko borroka “ospatzen” da.

Baina gainera 2018 honetan nazioarteko mugimendu feministak deituta, greba feministaren deialdia zegoen. Honek enpleguaren mundutik baztertuta egon ohi diren beste esparru batzuk ere inguratzen zituen: Lana, kontsumoa , zaintza eta hezkuntza. Honela ordena patriarkal, kapitalista eta ingurumen suntsitzaileari aurre egiteko.

Orain arte Euskal Herriko mobilizazioetan egon izan naiz egun horretan, eta bertako gizarteko emakumezkoen egoera benetan nolakoa den ezagutzeko aukera izan dut soilik.

Beraz izugarrizko ilusioa eta gogoa nuen “Non una di meno” Italiako plataforma feministak antolatutako Florentziako greban eta manifestazioan aktiboki parte hartzeko. 


Arratsaldeko 15:30etan hasten zen konzentrazioa erdiguneko “Piazza Santissima Annunziata” deiturikoan. Ordu horretan puntuan gerturatu nintzen bertara, eta kontatuta 20 bat pertsona ikusi nituen, ez dakizue zer nolako dezepzioa hartu nuen. Gainera bertan txokolatearen azoka zegoen eta turistak bueltaka zebiltzan jan eta erosi kartel eta pankartei jaramonik egin gabe.
Gutxi izanik ere, Gipuzkoako beste hiru neskekin batera txoko batean jarri nintzen egoerari begira.


Nire harridurarako ordu pare baten inguruan jende pila bat gerturatu zen bertara eta izugarrizko giro ederra zegoen. Bertako antolatzaile nagusiek musika jarri zuten plazan eta materiala eman zuten guztiok erabili ahal izateko, honela, kartel eta pankartak egin genituen jendeari mezuak helarazteko, (Noski, Euskaraz ere egin genituen).



Informazioa banakatzeaz gain emakumeen egoera desberdinen berri eman zuten eta baita hainbat testigantza kontatu ere.




Arratsaldeko 19:00tan plaza gainezka zegoen eta herrialde desberdinetako emakumeekin hitz egiteko aukera izan genuen. Guztiok kartelak soinean hartu eta manifestazioa hasi zen Florentziako kale ederretan zarata ateraz. Italiako komunikabideetan "Lo tsunami delle donna" bezala ageri da egun hau.


Benetan izugarrizko esperientzia aberasgarria izan zen. Lagunarte zoragarriaz gozatzeaz gain, ikuspuntu eta pentsamolde desberdinez ikasi ahal izan nuen eta noski gure eskubideen alde borrokatu. 

Egun hau mundu guztian zehar ahaztezina izango da eta gu horren parte gara.


Eskerrik asko Firenze! Martxoak 8 egunero!

Maite Acedo


No hay comentarios:

Publicar un comentario