martes, 17 de abril de 2018

SAN GIMIGNANO & MONTERIGGIONI

Hilabete eta erdi inguru daramagu Florentzian, eta egia esateko denbora ziztu bizian pasa da. Jende berri pila bat ezagutzeko aukera izan dugun arren, betikoak faltan botatzen dira. 

Aste honetan zehar ezusteko paregabe bat izan dut, familiaren bisita. Ama, lehengusinak eta izebak hemen izan dira 3 egunez eta topera aprobetxatu ditugu ordu guztiak.  



Beraiek hemen izanik, Florentziaz gain, inguruko herri eta hiritxoak ikustea  aukeratu dugu, benetako Toscanako ohiturak ezagutuz.



Gaurko bi sarreretan, hauetan izandako esperientziak, bertan ikasitakoa eta bidaiaren informazioa emango dizuet, agian zuen bidaiaren baterako erabilgarria izango  baitzaizue. Honako hau bi zatitan banatuko dut astunegia ez suertatzeko irakurtzerakoan.

CiaoFlorence izeneko agentziak hainbat egun-pasa desberdin antolatzen ditu urte guztian zehar Florentzia abiapuntu bezala hartuta, eta oso prezio ekonomikoak izaten dituzte.  Aukera ugari dituzte eta edozein motako esperientziak eskaintzen dituzte. Interesa izanez gero hemen husten dizuet esteka orrialdea kuxkuxeatu ahal izateko. 



Guk aukeratutako tourra egun bakar batean lau toki desberdin bisitatzeaz oinarritzen zen: Siena, San Gimignano, Monteriggioni eta Chianti.
Goizeko 8:45tan bildu ginen tourra egin behar genuen guztiok agentziako bi giekin SMN tren estazio zentralean eta autobusa bertara etorri zen gu jasotzera. Lehenengo momentutik arreta paregabea eman ziguten eta autobusean gure lehengo helmugara gindoazen bitartean ikusten genituen parajeei buruzko informazioa eman ziguten erdaraz eta ingelesez.


SAN GIMIGNANO

Gure lehenengo egonaldia San Gimignano izan zen. Hau Florentziatik ordubete eta laurden ingurura dago eta Sienako hiritik beste ordu-erdira. San Gimignano, mendixka batean kokatzen den Erdi Aroko herritxo bat da, 8.000 biztanle besterik ez dituena eta oraindik garaiko arkitektura mantentzen duena. Gida turistikoak harresiaren sarreran honi buruzko informazioa labur bat eman zigun eta ondoren libre ginen hau miatzeko. Bere ezaugarri garrantzitsuenak dorreak dira izan ere, 1200. urte inguruan bertan bizi ziren familia aberatsek dorreen altuerarekin adierazten zuten bere ahalmen ekonomikoa, horregatik daude eraikita altuera desberdinetakoak. 72 inguru daude eta horietako 15 erdi arokoak dira. Florentzian edo Bolonian ez bezala gerretan ez baitzuten hauek suntsitzea lortu.
Ez da harritzekoa Unescok gizon-emakume guztion ondare izendatu izana herri hau. 





Erabateko herri txikia denez 10 minututan joan zaitezke punta batetik bestera, baina tartean aurki daitezkeen artelanekin toki guztietara begira gelditzea ohikoa da. Esan bezala Erdi Aroko arkitektura mantentzen du eta bere harrizko kale aldapatsuek ematen diote xarma berezia. Errenazimendu garaian erromesen geralekua izaten zen Erromara bidean.




Munduko izozkirik onena dastatu nahi baduzue bertako plazan dagoen “Dondoli” izozko-dendara joan behar duzue, hamarnaka sari jaso ditu baita munduko izozki onenaren saria ere, eta ez beldurtu prezioagatik 3 edo 4 euro inguruan baitago eta benetan pena merezi du. 




MONTERIGGIONI

Gure bigarren geldiunea Monteriggioniko herritxoa izan zen, dudarik gabe nire gustukoena. Plaza baten tamainako herria bada ere xarma berezia du.
Herri guztia arresi batek inguratzen du eta bere kokaleku estrategikoa dela eta Florentziako konkistari aurka egiteko baliagarria izan zen izan ere urte luzez Siena eta Florentziaren arteko gerretan, Florentziak lurralde gehiago hartu nahi zituen jabetzan, beraz Sienarentzat gotorleku ezin hobea izan zen.



Bestetik Dantek arresi hauek erabili zituen bere olerkietako inspirazio bezala eta hainbat film ere grabatu dira bertan horietako ezagunenak “La vida es bella”, “Gladiator” edo “Té con Mussolini”.


Aldi honetan ez genuen giaren informazio historikorik jaso autobusak parean utzi zigun eta gure kabuz hau lasai ikusten eta honetaz gozatzeko denbora izan genuen. 



Siena eta Chiantiri buruz ere gehiago jakin nahik duzue? Ba adi hurrengo sarrerari!

Laster arte!

Maite Acedo Ramos

No hay comentarios:

Publicar un comentario