Hau
amaitzera doa eta oraindik gogoan ditut hegazkina hartu aurreko larunbat
horretan kuadrillakoek egindako despedidan bota nituen negarrak beraiek
agurtzerakoan...
Florentziara
hilabete batzuk etortzeko aukera eman zidateneko lehen unetik izugarrizko
zirrara sentitu nuen esperientzia hau bizitzeko aukera izateagatik. Baina
aurreko egunetan ezinegon ikaragarria nuen, normala den bezala gauza berriek
beldur pixka bat ematen dute, lagunik gabe , familiako kiderik gabe, neu
bakarrik hiri arrotz batean.
Izugarrizkoa
eta deskribaezina da hemen bizitako guztia; hiriaren edertasuna, bertako
kultura, hizkuntza, lagun berriekin eginiko barreak, bisitatutako txoko
guztiak… Lehen egunetik bertakoa naizenaren sentsazioa daukat eta konturatu
naiz toki berrietan moldatzeko ahalmen ikaragarria dudala. Baina dudarik
gabe hoberena nire burua sakon ezagutzeko aukera izan da eta kenduriko beldur
guztiak.
Betidanik
izan naiz oso pertsona independentea eta gauzak oso garbi dituena edo hori uste
nuen behintzat. Hilabete hauei esker emozionalki askoz ere indartsuago naiz eta
ideia pila bat argitzeko aukera izan dut. Hazkunde pertsonal prozesu ederra
izan da.
Nire
adinean ur baso batean itotzea normala dela uste dut, baino horrek ez du nahi
esan gauzak lasai hartzea erreza denik, ezta ere norberaren arazoei pisua kendu
behar zaienik. Baina orain benetan garrantzia duenari ematen diot garrantzia
eta barne emozioak kontrolatzen ikasi dut.
Ohartu
naiz askotan lagunen mendekotasuna izan dudala, gaur egun “codependencia
emocional” deritzona. Eta ohartu gabe gertatzen den zerbait da.
Askotan ez naiz joan kontzertu edo antzerki asko ikustera beste inor ez delako
animatu, eta ez dakit zerren zain nengoen. Orain nire gustuko zerbait egin nahi
badut zuzenean neuk bakarrik egiten dut, eta ez naiz zain gelditzen norbaitek
lagunduko ote didan edo nirekin etorriko den. Uste dut bizi hau nahiko motza
dela nahi duguna ezin egin ahal izateko, eta ez dut galdu nahi bizitzeko aukera
dudan esperientziarik. Gauzak ez dira gugana iristen, geuk lortu behar ditugu.
Ni
lehen aipatutako ur baso batean itotzen diren pertsonetakoa naiz edo nintzen.
Askotan gauza txarrei bakarrik erreparatu diet, inguruan ditudan beste mila onei eutsi beharrean. Betidanik pertsona positiboa izanik ere beste guztiek bezala
etapa txarrak pasatu ditut, eta hemengo giroari esker horiek agurtzeaz gain,
behin ere baino hobeto sentitzen naiz nire buruarekin.
Jabe bait naiz dudan
sorteaz. Hemeretzi urte besterik ez eta liburu bat idazteko moduko abenturak
bizi izan ditut. Izugarrizko familia dut, nire erabaki guztiak errespetatzen
dituena eta nire ametsak lortzen laguntzen didana. Munduko
lagunik hoberenak ditut urrea balio dutenak eta beti barre eginarazten
didatenak. Eta dudarik gabe onena nire buruaz arro nagoela. Arro nago naizen
bezalakoa izateagatik, nire pentsakeragatik, besteei emandakoagatik,
lorturiko guztiagatik eta gizartea hobetzeko oraindik lortuko
dudanagatik.
Topikoa
badirudi ere, ez dut nahi izan lana egiteaz bakarrik kezkatzen den pertsona
horietako bat gero hipoteka, autoa eta familia mantendu ahal izateko. Ez nago
egina horretarako eta bai, badakit bizitzak mila buelta ematen dituela , baina
nire adinarekin ezin badut nire bizitza utopia bat bihurtu, noiz egin behar
dut? Ehundaka amets ditut gordeta eta inork ez dizkit kenduko.
Benetan
pertsona zoriontsua naiz, eta hau esatea pribilegio handia dela uste dut.
Ilusioz beterik esnatzen naiz goizero eta bizitzako aro hau amaitzen bazait ere
beste bat dator eta hau ere gogotsu hartuko dut; Uda eguzkitsu bat gehien maite
ditudanekin eta gero unibertsitatea. Ez dakizue ze gogo ditudan lau urtez
benetan gustuko dudana ikasteko ( eta ez da ironia). Jende berria, ezagutza
gehiago, bidaia gehiago, abentura gehiago… Ze azkar
pasatzen den denbora eta zein ederra den minutu guztiak aprobetxatu izana.
Azkenik,
eskerrak eman nahi dizkizuet esperientzia hau bizitzeko aukera eman didazuen
guztioi eta niganako konfiantza izan duzuenoi. Benetan bihotzez eskerrik asko.
Sarrera hau itxi nahi dut “The Friday´s Crew”
taldearen Dena amaitu dela kantuko esaldi batzuekin:
“Zenbat bizipen batetik bestera, inoiz ez dut
ahaztuko bidean ikasi dudana”
“Azkar denbora esku artetik, bizi izan duguna ez
nuke nahi aldatzerik “
Maite Acedo Ramos
Maite Acedo Ramos
No hay comentarios:
Publicar un comentario